XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gero fraileek ate guziak itxierazi zituzten, eta, dirudienez, juezekin negoziatzen aritu ziren.

Biak artean bi egunez monastegian egon ziren, justiziaren aldetik haiei ezer esan gabe, eta fraileen jantokian jaten zutela.

Eta beren gela, ia beti, ikustera zetozkien fraileez betea aurkitzen zen, eta erromesak beti ohi zuenaz hitzegiten zuen.

Eta hala, haien artean bi talde bezala sortu ziren, eta haietako asko hunkituak agertzen ziren.

67. Handik hiru egunera notario bat etorri zen eta gartzelara eraman zituzten.

Eta ez zituzten behean gaizkinekin jarri, goiko gela batean baizik, eta han zaharra zelako eta inor bizi ez zelako, zikinkeria asko zegoen.

Eta biak kate beraz lotu zituzten, bata hanka batetik eta bestea bestetik.

Eta katea etxe erdiko zutabe bati lotua zegoen, eta 10 edo 13 arrabete izango zituen luzean.

Eta batak zerbait egin nahi izaten zuenean, besteak lagundu egin behar izaten zion.

Gau oso hartan esna egon ziren.

Hurrengo egunean, herrian gartzelan sartu zituztela zabaldu zenean, gartzelara lo egiteko oheak bialdu zizkieten, eta behar zuten guzia oparo.

Eta beti asko etortzen ziren haiek ikustera, eta erromesak Jainkoaz hitzegiten jarraitzen zuen, etab.

Frias batxilerra bera etorri zen biak banan aztertzera, eta erromesak bere paper guziak, hau da: Ejertzizioak, eman zizkion azter zitzan.